XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) baina nekez izango dute ahalik haren esku txikiek indargabetuz doan gure planeta bere orbitan berriro bizkortzeko, edo hiltzen ari den eguzki-sua atzera pizteko.

Alabaina, hain urruneko hondamendien ideiarekin ikaratzen den filosofoak bere burua kontsola dezake pentsatuz beldur goibel horiek, Lurra eta Eguzkia bezala, gogoak hutsetik sorrarazitako mundu gorpuzgabekoaren parte besterik ez direla, eta azti zoli horrek gaur deitu dituen fantasmak ezabatu egin daitezkeela bihar.

Horiek ere, begi arruntei gotor iruditzen zaizkion beste hainbat gauza bezala, airean fundi daitezke, aire mehean.

Etorkizunean hain aurrera egin gabe, hiru hari desberdinez egindako ehun batekin konparatuz erakuts dezakegu orain arte pentsamenduak egindako ibilbidea: magiaren hari beltza, erlijioaren hari gorria eta zientziaren hari zuria (baldin eta zientziaren barruan egia sinple horiek, natura behatuz ateratakoak, sartzerik bageneuka, aro guztietako gizonek horietako asko izan baitituzte beti).

Pentsamenduaren ehun hori hasieratik aztertzerik bageneuka, lehen unean laukitxo zuri-beltzak antzemango genituzke, ideia izun eta egiazkoen adabakiz osatuta, erlijioaren hari gorriaz doi tindatuta.

Baina urrunago begiratuz ohartuko ginateke ezen, laukitxo zuri-beltzek bere horretan jarraitzen duten arren, ehunaren erdialdean, erlijioa ehunduran sakonen sartu den lekuan, gorri ilunezko ttitta bat dagoela, eta ezari-ezarian argituz doala, zenbat eta zientziaren hari zuria gehiago nahasi ehunean.

Hala laukitu eta ttittatutako oihal batekin konpara daiteke pentsamendu modernoaren egoera, bere helburu desberdin eta joera kontrajarri guztiekin:

kolore desberdinetako hariz egina da, baina pixkanaka kolorea aldatuz doakio zenbat eta gehiago hedatu.

Horrela jarraituko al du etorkizunean mendeetan eta mendeetan ezari-ezarian pentsamenduaren jitea aldatu duen mugimendu handiak?

Ala erreakzioa gertatuko da, aurrerapena geldiarazi ezezik, orain arte egindako asko deseginez?

Gure irudiarekin jarraituz, zein izango ote da denboraren ehundegi geldiezinean patua ehuntzen ari den oihalaren kolorea?

Zuria ala gorria izango al da?

Ez daukagu esaterik.

Argi motel dardarti batek argitzen du ehunaren atzealdea.

Hodeiek eta ilun beteak ezkutatzen dute beste muturra.

Amaitu da gure ikerketa-bidaia luzea, gure ontziak eraitsi ditu azkenez belak portuan.

Berriz ere Nemiko bidea hartuko dugu.

Arratsaldea da, eta Via Apiako mazela luzea igo ahala, Albano mendietarantz, atzera begiratu eta ortzia oskorritzen ikusten dugu eguzkia sartzearekin (...)